loading . . . Biba gorriac! Biba gorriac!.
Italia eta Frantzia arteko lurrak astindu zituen lurrikara handi batek 1887ko martxoan, eta bertako bizilagunek ikusi zuten itsasoaren maila bat-batean metro batez jaisten, eta berehala bi metroz igotzen. Urte bereko abenduan presidente berria izendatu zuten Frantzian, gizon mehetxo bat, ez handia ez txikia, bizar belzduna. Presidente honek, Sadi Carnotek, izendatu zuen lehen ministro Charles Floquet, Donibane Garaziko Etxeberri anderearen seme errepublikazalea. Ez zuen bakerik izan agintean egin zituen hamar hilabeteetan. Ezpata duelua ere egin behar izan zuen oposizio buruarekin, Georges Boulanger populistarekin. Onik atera zen, aurkariak baino zauri arinagoekin. Floquet gorriaren lehengusu xuriak, Louis Etxeberrik, Eskualduna aldizkariaren sortzaile eta lehen zuzendariak, 1889ko hauteskundeetan Henry Berdoly gorriaren aurkako buruz burukoa ozta-ozta irabazi zuen Mauleko barrutian. Frantziako Ganbera legegileak, ordea, baliogabetu egin zuen hautaketa, kanpainan apezek izan zuten esku hartzeagatik. 1890ean berriro nagusitu zen. Urte berean, Ortzaizeko apeza epaitu eta zigortu zuten Donapaleuko Auzitegian, pulpitutik gobernu errepublikazalea iraintzea leporatuta. Beste apaiz batzuk zigortuak zituzten urrutiagoko epaitegietan euren barnetegiko haurrei egindako lizunkeriengatik, emandako tratu ankerragatik. Bitartean, Parisen, Sena ibaiaren ertzean burdinazko dorre erraldoi bat eraikitzen ari ziren, hirurehun metroko garaiera izango omen zuena obra bukatzean. 1890eko maiatzaren lehenean, Europako beste hainbat hiritan bezala Parisen, mobilizazio deialdi berritzaile bati erantzunez langile multzo handi bat kalera irten zen, haietako batzuk ganibetez eta makilez armaturik. Egun bakoitzeko lana zortzi orenetara gutxitua izan zedin besterik ez zuten eskatzen, baina eguna ez zen ongi bukatu. Hazparnen, 1893ko herriko festetan, batzuk ez ziren konforme koblakarien sariketan bi emakumezko nagusitu zirelako: Aña Deabrua eta Mariana Hargain. Hurrengo urteko abuztuan, Baionako zezen plaza gainezka, adardunen aurrean dotore aritu ziren Cara Ancha eta Guerrita famatuak. Aste batzuk lehenago, Sante Geronimo Caserio italiarrak Sadi Carnot presidentea hil zuen, labankada batez, Lyonen. Gillotinaren aizkora handia lepo gainera zetorkionean, oihua garbi entzun zen plazan: «Biba anarkia, kamaradak!». https://b.eus/80e3558eDL