loading . . . Israeli boikot egiten jarraitzera deitu dute Sestaon Gaur hasi da Sestaoko (Bizkaia) nazioarteko xake txapelketa, baina dagoeneko badu irabazlea: Palestina. Anlolatzaileek egindako ahaleginei esker, sariketa hartan lehiatzeari uko egin diote azkenean bertan izatekoak ziren Israelgo zazpi jokalariek. Hala ere, gaurko deitutako manifestazioari eustea erabaki du Sestao-Palestina taldeak, uste baitu kalean jarraitzea beharrezkoa dela, «genozidioa salatzeko eta gobernuei beste alde batera begira ez dezaten behartzeko». Horiek horrela, Israeli boikot egiten jarraitzeko eskatu dute gaur dozenaka herritarrek, Bilbo ezkerraldeko udalerri hartan.
Sestao-Palestina taldeak protestara deitua zuen gaur eguerdirako, Xakea bai, genozidiorik ez lelopean. Gazan jasaten ari diren muturreko egoera salatzeaz gain, elkarretaratzearen xedea izan da ohartaraztea Israelgo gobernuak kirola eta kultura erabiltzen dituela genozidioa zuritzeko.
Horrenbestez, eguerdiko ordubatean abiatu dira dozenaka herritar Sestaoko Kasko plazatik, Palestinako bandera eta ikurrina handi bana aurretik zituztela, eta ia hiru ordu laurden behar izan dituzte bertara itzultzeko. Tartean, aldarrikapenak eta eskeak izan dira. Bat guztien gainetik: «Boikota Israeli, Palestina askatu!». Beste batzuk ere bai: «Israel hiltzaile, Europa laguntzaile». Eta: «Ez da gerra bat, genozidioa da».
«Herrikideek erakutsitako indarrari eta gure herriko xake klubaren ahaleginari esker lortu dugu. Sestaok ez du estatu genozidaren ordezkaririk nahi behe kaleetan»
Sestao-Palestina taldea
Bereziki esanguratsua izan da martxak Jose Antonio Agirre kalean egin duen geldialdia. Carrefour supermerkatu kateak denda bat dauka han, eta manifestariek salatu dute enpresak Israelgo armadarekin egina duen kontratua. «Carrefourrek dirua egiten du Gazako herritarren odolarekin!» aurpegiratu diote enpresa frantziarrari, eta hari ere boikot egitera deitu dute. Kasko plaza itzulita, Sestao-Palestina taldeko ordezkariek hitza hartu dute. Bertan zain zituzten Ertzaintzaren istiluen kontrako bi furgoneta eta beste horrenbeste patruila auto. Hala ere, ez da inolako istilurik egon ibilbidean zehar —udaltzainek gidatuta joan dira—, ezta manifestazioaren bukaeran ere.
Protestaren antolatzaileek nabarmendu dutenez, gero eta handiagoak dira herritarrak Palestinari ematen ari zaizkion herri babesa eta Israelek Gazan egiten ari den genozidioaren gaitzespena. Hain zuzen, testuinguru horretan kokatu dute irailaren 3an Espainiako Vueltako etapan gertatutakoa: Israel Premier Tech taldearen aurkako mobilizazioen ondorioz, etapa helmuga baino hiru kilometro lehenago amaitutzat ematea erabaki zuten txirrindulari lasterketaren antolatzaileek. Sestao-Palestinak «inflexio puntu mediatikotzat» jo du Bilbon gertatutakoa.
Horrekin lotuta, Sestao-Palestinak gaurko mobilizazioaren amaieran jakinarazi die manifestariei Oscar Guerrero Zelaia Israel Premier Tech taldeko kirol zuzendari nafarrak etxerako bidea hartu zuela atzo, eta haiek txaloka hartu dute albistea.
Gaurko manifestazioa Sestaoko Jose Antonio Agirre kaleko Carrefour supermerkatuaren parean. K.U.
Hala ere, sestaoarrek ez dute gutxietsi nahi izan Bilbo ezkerraldeko udalerri hartan erdietsitakoa: «Xake torneoan Israelen parte hartzea eragoztea zen gure asmoa eta Sestaoko herrikideek erakutsitako indarrari eta gure herriko xake klubaren ahaleginari esker lortu dugu». Izan ere, argi dute: «Sestaok ez du estatu genozidaren ordezkaririk nahi behe kaleetan».
Xake taldeko antolatzaileek eskatu zieten izena emana zuten jokalari israeldarrei txapelketan ez parte hartzeko, Israel Gazan egiten ari den «giza eskubideen urraketa sistematikoa» gaitzesteko keinu gisara. Edo parte hartzea erabakitzen bazuten, Nazioarteko Xake Federazioaren banderarekin jokatzeko eskatu zien. Jokalariek, baina, uko egin zioten proposamenari. Hala ere, asteazkenean hiru jokalarik adierazi zuten ez zutela txapelketan parte hartuko, eta izena emanda zuten beste lau batu zitzaizkien hurrengo egunetan.
Hori dela eta, Israel txapelketatik ateratzeko ahalegina eskertu diote gaur Sestaoko xake taldeari.
Eragina
Sestao-Palestinak jakin badaki «lorpen txiki bat» dela, genozidioak aurrera darraielako. Dena dela, argi utzi dute mobilizazioekin jarraitzea beharrezkoa dela, eraginkorrak izaten ari direlako eta zera aldarrikatu dute: «Gobernuek egiten ez dutena herriak egin dezala!».
Beste alde batetik, kirolean ez ezik, beste esparru batzuetan ere izaten ari diren keinuak goraipatu dituzte gaur Sestaon: bozgorailutik jakinarazi dutenez, kultur arloan, Saioa Alkaiza idazle iruindarrak uko egin berri dio Igartza literatur sariari. Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak (Gipuzkoa) eta CAF enpresak antolatzen dute, eta, hain zuzen, azken horrek genozidioan duen «inplikazioa» azpimarratu du idazleak. http://dlvr.it/TN3TBS