loading . . . Palestinaren alde kaleak hartuko dituzte gaur Hego Euskal Herrian Palestinaren aldeko elkartasunak ez du etenik. Urtebete igaro da NBE Nazio Batuen Erakundeak Palestinako okupazioarekin amaitzeko ebazpena onartu zuenetik, eta Gazarako Mugimendu Globalak eta Global Sumud Flotillak urteurrena baliatzea erabaki dute, mundu osoko kaleak hartzeko. Bat egin du Euskal Herriak: Palestinaren Aldeko Borroka Eguna izango da gaur, eta Hego Euskal Herriko hiru hiriburutan mobilizazioak egingo dituzte: Gasteizen, Bilbon eta Iruñean.
Gelditu dezagun genozidioa! Apur dezagun Gazako Blokeoa, defendatu dezagun Global Sumud Flotilla! lelopean egingo dituzte protestak. Gazara bidean doan flotillari elkartasuna adieraztea izango dute helburu, eta Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua «konplizeak» direla salatzea. Hain justu, 13:00etan giza kate zaratatsua egingo dute Eusko Legebiltzarraren inguruan, politika orokorrari buruzko osoko bilkura baitago gaur. Arratsaldean ere mobilizatuko dira Arabako hiriburuan: 19:00etan Bilbo plazatik abiatuko dira.
Ordu berean egingo dituzte protestak beste bi hiriburuetan. Iruñean kontzentrazioa egingo dute Nafarroako Jauregiaren aurrean. Bilbon, berriz, manifestazioa egingo dute Bihotz Sakratuaren Plazatik Plaza Eliptikora.
Unibertsitateak ere protestarako eremu izango dira gaur. Ikasle Abertzaleek deituta, mobilizazioak egingo dituzte EHUko hiru campusetan eta NUPen. Gasteizko Elurreta eraikinean eta Leioako Mikel Laboa plazan 13:00etan hasiko dituzte protestak; Ibaetako Aulariopean, berriz, 13:30ean, eta, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegi plazan, 13:45ean.
Ikasleen eginbeharra
«Palestinar erresistentziaren eta palestinarren defendatzeko eskubidearen alde» mobilizatuko dira ikasleak, eta Israelen «konplizeak» salatuko dituzte. Izan ere, ezinbestekotzat jo dute «genozidioaren konplize guztiak» seinalatzea eta, alde horretatik, uste dute ikasleen lana dela Euskal Herriko unibertsitateak presionatzea, oraindik ere harremanak dituztelako Israelekin. Hain justu, EHUk atzo jakinarazi zuen uko egin diela 247 milioi euroko ikerketa proiektuei, Israelekin lankidetza saihesteko. Beste hainbat neurri ere iragarri zituzten. Ikasleen iritziz, baina, «aurpegi zuriketa saiakera bat» da. Hartara, gaurko protestetan parte hartzeko deia egin diote ikasleriari.
CAF tren ekoizleari ere hainbatetan leporatu diote «genozidioaren konplize» izatea. Izan ere, joan den astean Saioa Alkaizak uko egin zion Igartza sariari, «Palestinako genozidioan CAFek duen inplikazioagatik». Oraingoan, AI Amnesty Internationalek presio egin dio enpresari, Jerusalemgo tren proiektua bertan behera utz dezan exijitu dio, «berehala». Ez da lehenengo aldia: ekainean gauza bera exijitu zuen taldeko ordezkari batek, enpresak Beasainen (Gipuzkoa) egindako akziodunen batzarrean.
AIren arabera, 2019tik CAFek «funtsezko zeregina izan du tren arinaren hedapenean»: «Tren arinak legez kanpoko asentamenduak eta okupazioa sendotzen laguntzen du». Horiek horrela, enpresari leporatu diote ezin duela «beste alde batera begiratzen jarraitu» eta «nazioarteko gomendioak ez bete».
Bitartean, Global Sumud Flotillak bere bidea jarraitzen du. Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatu eta laguntza humanitarioa eramateko, hilaren hasieran Bartzelonatik abiatu ziren lehenengo ontziak. Bidean batu dira Tunisiatik ateratako ontzi batzuk, eta gaur dira Italiakoekin batzekoak. Aurrez Askatasunaren Flotillak egin bezala, gutxienez 44 herrialdetako ordezkariek itsasoz blokeoa hautsi, eta laguntza eraman nahi dute zerrendara. http://dlvr.it/TN86w4